null Plan:normativo:anual:2019.EUSK

2019KO URTEKO PLAN ARAUEMAILEA

Apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak eta apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituenak tokiko ahalmen arauemailea aitortzen dute, toki erakundeek gai publikoen parte garrantzitsu bat ordenatu eta kudeatzeko duten eskubide eta benetako ahalmena erabiliz, Legearen markoan, euren erantzukizunpean eta bertako bizilagunen onurarako, Toki Autonomiaren Europar Gutunak aitortuak.

Ahalmen arauemaile hau erabiltzea zeharkako aplikazioa duten zenbait printzipio eta arauen azpian dago:

  • Edozein kasutan, araugintzan behar den bezala bermatu behar dira honako printzipio hauek: beharraren printzipioa, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
  • Aintzat hartu beharko dira erregulazio egokiaren eta lankidetzaren printzipioak araugintzan azterketa ekonomikoa bultzatze aldera, eta bereziki, jarduera ekonomikoarekiko justifikaziorik gabeko edo gehiegizko murrizketak sartzea saiheste aldera.
  • Araugintza prozesu osoa aurrekontu-egonkortasunaren eta jasangarritasun finantziarioaren printzipioen mende dago, eta edozein kasutan argiak izan behar dira ahalmenaren erabilerarekin garatzen diren udal eskumenak, bikoiztasunak saihestuz eta antolakuntza-egitura arrazionalizatuz.

Hau guztia aintzakotzat hartuz, araudi aplikagarriak ezartzen du Urteko Plan Arauemaile bat egiteko legezko betebeharra, non hurrengo urtean onartzeko proposatuko diren ekimen legal edo arauzkoak jaso behar diren, eta Gardentasunaren Atarian argitaratu behar dena. Halaber, derrigorrezkoa da indarrean dagoen araudia aldian-aldian berrikustea, berau erregulazio onaren printzipioei egokitzeko eta indarreko arauek zein neurritan lortu dituzten aurreikusitako helburuak egiaztatzeko, bai eta arauotan ezarritako kostua eta kargak justifikatuta eta zuzen kuantifikatuta zeuden ere. Ebaluazio honen emaitzarekin txosten bat egin eta argitaratu behar da.

Leioako Udala inplikatuta dago Erakunde Publikoetako eraginkortasunaren eta efizientziaren modernizazio eta hobekuntza prozesu etengabean eta 2012 urtetik aurrera Eudelen – Euskadiko Udalen Elkartea- eskutik parte hartzen du Tokiko Berrikuntza eta Garapenerako Agendetan. Proiektu honen barruan, udal izapideak eta kudeaketak sinplifikatzeko eta arrazonalizatzeko prozesu bati hasiera emateko konpromisoa sortu zen, besteak beste, Leioako Udaleko administrazioa sinplifikatzeko prozesu bati hasiera ematean gauzatu zena, LEIOA ZUGANDIK HURBIL izenekoa, hain zuzen.

Aipatu proiektu horren markoan, 640/14 Alkatetza Dekretuaren bidez, Leioako Udaleko administrazioa sinplifikatzeko proiektua martxan jarri zen, eta honek ekarri zuen 2673/15 Dekretuaren bidez, Leioako Udaleko Prozeduren Gida onartzea, https://leioahurbil.leioa.net/eu/map webgunean argitaratuta dagoena. Ebazpen horretan esaten denez, "dokumentu irekia da, irauteko asmorik gabekoa; aitzitik, herritarren aldetik, udal langileek eta Leioako Udala osatzen duten taldeen ordezkariek egin ditzaketen iradokizun ororetara iragazkorra".

Halaber, EUDELek argitaratutako gidan ezartzen den bezala, beharrezkotzat jo zen Leioako Udaleko Herritarrak Artatzeko Zerbitzu Integrala (aurrerantzean HAZ) martxan jartzea, Herritarrak Artatzeko Zerbitzu bat ezartzeko, Tokiko Berrikuntzaren Agendaren markoan. Hau "Herritarrentzako erreferentziazko Udal Zerbitzua da. Bertatik, modu integralean eskaintzen dira esku hartze tekniko espezializaturik behar ez duten udal zerbitzu gehienak (Informazioa, izapidetzea eta kudeaketa), aurrez aurre, telefonoz edo bide telematikoz", hala nola gizarte sareak, eta "zerbitzu orientazioa eta asmo argia ditu herritarrek sarbide erosoa izan dezaten errazteko eta baita Administrazioarekiko komunikazioa eta harremana ere". Leioako Udaleko Herritarrak Artatzeko Zerbitzu Integrala ezartzeko prozesuaren hasiera eta martxan jartzea 262/16 Alkatetza Dekretuaren bidez bultzatu zen.

Aurreko guztia kontuan hartuz, Leioa Hurbil Proiektuaren markoan, Leioako Udalak Urteko Plan Arauemaile hau egiten du, legez ezarritako betebeharra albo batera utzi gabe, helburuak sinplifikazioa, administrazioaren arrazionalizazioa,  modernizazioa eta herritarrentzako zerbitzua direlarik. Aipatu Planaren lanketa, jarraipen eta ondorengo ebaluazioarekin, hala nola indarreko araudiaren berrikusketarenarekin erregulazio onaren printzipioei egokitzeko eta indarreko arauek aurreikusitako helburuak zein neurritan lortu dituzten egiaztatzeko eta arauetan ezarritako kostua eta kargak zuzen kuantifikatuta zeuden ikusteko lortu nahi da gobernu irekiaren printzipioak bultzatzea gardentasunari (indarreko araudia eskuratzea erraztuz) eta partaidetzari (prozesu osoan udal sail desberdinak eta herritarrak orokorrean inplikatuz) dagokienez.

 

UDAL ARAUDI BERRIAREN AURREIKUSPENAK:

•Elkarteen Udal Erregistroa arautzeko Erregelamendua

Beharrezkoa da elkarteen udal erregistroa arautuko duen erregelamendua onartzea Udalak duen eginbeharrari jarraituz eta aplikatu beharreko hurrengo araudiari jarraituz: hain zuzen ere, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (LRBRL) 72. artikulua; Toki Erakundeen Antolamendua, Funtzionamendua eta Araubide Juridikoaren Araudia onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuafe, 236. artikulua; Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa; eta Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea.

•Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzeko Ordenantza

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legea indarrean sartzeak eta Eusko Jaurlaritzak onespen-prozesuan duen erregelamenduak Udalean ere gai hori garatu beharra dakarte, horretarako ezarritako eskumena baliatuta. Horretarako, udalen eskumena ezartzen dute bai Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak (LILE) leku publikoetan eta jendea dabilen establezimenduetan antolatutako jardueren segurtasuna antolatzeko eta kudeatzeko kontuetan, bai aipatu 10/2015 Legeak eta LRBRL Legeak establezimendu publikoak eta jolas jarduerak antolatzeko eta kudeatzeko kontuetan.

•Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko araudia

Beharrezkoa da izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko udal araudia  onartzea Udalak. Izan ere, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 4. artikuluari jarraituz, Euskal Automia Erkidegoko toki administrazioen fitxategiak sortzea, aldatzea eta ezabatzea egiteko izaera orokorreko xedapenen bidez izango da, eta  horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion Lurralde Historikoaren aldizkarian argitaratuko dira fitxategiaren titularraren funtzioen edo eskumenen  lurralde-esparruaren arabera.

•Adinekoentzako Udalaren Ostatu-zerbitzua lortzeko eta emateko Baldintzen araubideari buruzko Erregelamendua

•Adinekoentzako Udalaren Ostatu-zerbitzuaren ordainketa arautzeko Ordenantza

•Gazteen Lonjei buruzko Erregelamendua

•Kontserbatorioaren eta Musika-eskolaren Funtzionamendurako Barne-Erregelamendua

•Leioako Udaltzaingoaren Erregelamendua

 

INDARREAN DAGOEN ARAUDIA ALDATZEKO AURREIKUSPENAK:

•Udal Lokalen edo Instalazioen Erabilera arautzeko Ordenantza

Udalen eskumenak erabilita, Udal lokalen eta instalazioen erabilera baimentzeko araubidea arautuko duen ordenantza onestea aurreikusten da. Izan ere, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2006 Legeak (aurrerantzean LILE) ezartzen ditu zeintzuk diren udalen eskumenak: titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioak antolatzea eta kudeatzea; kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea; erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea; kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea; erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea; eta establezimendu publikoak eta jolas jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

•Udal Hilerria arautzeko Erregelamendua

Udalen eskumenak erabilita, udal hilerriaren araudia egitea eta onartzea aurreikusten da, herri-jabariko ondasuna den aldetik, bertan ematen den zerbitzua arautzearren, indarrean dagoen hileta-araudiari jarraituz; zeren LILE legearen arabera, udalek eskumena baitute hilerriak eta hileta-zerbitzuak antolatu, planifikatu eta kudeatzeko; baita horien osasun-kontrolaren eskumena ere. Horrez gain, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ere (LRBRL) adierazten du hilerria nahitaezko gutxieneko zerbitzua dela.

•Animaliak Edukitzea eta Babestea arautzen dituen Ordenantza aldatzea eta horretarako garapen-araudia egitea:

2006ko otsailaren 23ko osoko bilkuran Udalak aipatu ordenantza onartu zuen. Ondoren, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko ekainaren 14an. Gizarte Zerbitzu eta Hirigintza sailek ordenantza aldatzea beharrezkoa dela iritzi izan diote beste gai batzuk sartzearren, besteak beste, katuen koloniak arautzeari, aisiarako eremuei eta txakurren DNA-azterketari buruzkoak. Aldez aurreko galdeketa publikoa eginda, ezein alegazio jaso gabe, Gizarte Zerbitzuen Sailari igorri dioten aldaketa-proposamen bat egin dute udal zerbitzuek.

•Zerga Ordenantzak aldatzea/onartzea

Udal zerga ordenantzak urtero berrikusten dira hainbat arrazoirengatik, hala nola, zerga ordenantzak goi-mailako araudiari egokitzea, tasa edo zerbitzu berriak arautzeko zerga ordenantzak onartzea, tasa edo prezio berriak sartzearren indarrean dauden zerga ordenantzak aldatzea, tasak eta prezioak zerbitzuen kostuari egokitzea, eta beste antzeko batzuk. Horregatik guztiagatik, 2019ko ekitaldian zerga ordenantzak aldatzea aurreikusten da.

•Hirigintza arloko araudia aldatzea/onartzea

Plangintza xehatuaren antolamendua onartzeko espedienteen izapidetzea amaitzea aurreikusten da, baita garapeneko plangintza berri batena ere. Hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO-PGOU) ere  berrikustea aurreikusten da.

•Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra  eta Diru-laguntzen Berariazko Oinarriak aldatzea

Urtero, udal sailen ekimenez onartu egiten dira diru-laguntzak emateko deialdien berariazko oinarriak, betiere Udal Ordenantza Orokorra oinarri hartuta. Hortaz, 2019ko ekitaldian ere hala izatea aurreikusten da. 2018an, diru-laguntzen deialdiak eta oinarriak onartzeko eredu-espediente bat onetsi da.