Zergatik atari hau?

Atari honen sorreran gardentasuna arautzen duen araudia betetzeko beharra baliatzeko aukera dago, urrats bat harago egin eta Gobernu Irekiaren estrategiaren alde egiteko, leioaztarrekin dugun konpromisoa gauzatzeko balio izango duen tresna sortuz.

Estrategia hau Gardentasun kontzeptutik harago doa; izan ere, hura ardatz bat gehiago bezala oinarri hartuz, Partaidetza eta Lankidetza barnean sartzen ditugu Leioako Udaleko kudeaketa moderno, eraginkor eta artatsu baten zutabe gisa. Leioa Data ahaztu gabe, datu publikoen mailakako argitalpenaren bidez, ekonomia arloen garapenari eta administrazioaren gardentasunari laguntzea helburu nagusi duen datuak irekitzeko ekimena.

Gardentasunak, administrazio publikoaren eremuan, Gobernuaren gai guztiak irekitzea suposatzen du, herritarrak, eskuan duten informazioarekin, gauza izan daitezen dagozkien erabakietan gaitasunez parte hartzeko. Gardentasuna, beraz, administrazioaren eskuetan jarri duten ahalmena herritarrei itzultzea da, gauza publikoa, denona den hori, eraikitzen parte har eta lagun dezaten

Gardentasuna gizartearen eskakizuna da eta herri administrazioak gaiari heldu eta bete egin behar du. Informazioa, beste lehengai batzuk bezala, prozesatu behar den ondarea da, bere inguruan balio ekonomikoa sortzen da, eta urria denean, botere harreman asimetrikoak eratortzen dira. Internet eta web soziala heltzearen ondorioz, joko zelaia asko aldatzen ari da herritarrek protagonismo handiagoa duten testuinguruan: gizartea hobeto informatuta dago eta egon nahi du, eta gai publikoetan partaide izan nahi du. Ez da "ikusten uzteko" zeregin pasiboa; ordea, herritarrak ondo informatuta izatea ahalbidetuko duten politikak beharrezkoak dira

Udal kudeaketa ulertzeko modu hau hainbat abantaila ditu era batean edo bestean horretan parte hartzen duten eragile guztietan

Udalerako

  • Herritarren eta langile publikoen konfiantza: herritarrek zenbat eta hobeto ezagutu bere administrazioa, orduan eta gizarte-zilegitasun handiagoa izango du; langile publikoek segurtasun handiagoz lan egiten dute informazio irekia baldin badute.
  • Informazioaren barne-antolaketa: gardentasunaren beharra dela-eta, ekoizten duen informazio guztia antolatu eta sailkatu behar du administrazioak.
  • Jardueraren ezagutza zehatza: informazio guztia antolatuta duenez, administrazioak uneoro daki zer daukan, eta horregatik, bere erabakiak informazio egiazkoan eta gaurkotuan oinarrituko dira.
  • Jarduera irregularra jazartzea: administrazio gardenaren kide guztiak beren jardueraren berri ematera behartuta daude, eta honek zaildu egiten du, edo galarazi, legez kanpoko ekintzarik burutzea.

Beste Erakunde batzuetarako

  • Administrazioen elkar jarduera erraza: gainerako erakundeek harreman estuagoa eduki ahal izango dute administrazio propioarekin.
  • Ezagutza partekatzea: gardentasuna jarrera orokorra bada, modu partekatuan lan egiteko aukera handiagoa da eta gastu murritzagoarekin.

Herritarrentzat

  • Udalaren jarduera zehaztasunez ezagutzea: herritarrek, zuzenean, bitartekorik gabe, Udalak sortzen duen informaziorako sarbidea eduki dezakete.
  • Konfiantza Udal Gobernuaren ekintzan: jardueraren ezagutza hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa administrazioan konfiantza izateko gaitasuna.
  • Erabakiak hartzeko egiazko informazioa: herritarrek datu ofizialak eskura dituzte beren ingurunea hobeto ezagutzeko eta kasu bakoitzari dagozkion erabakiak hartzeko.
  • Parte hartzeko eta ikuskatzeko gaitasun handiagoa: ondo informatuta dagoen gizarteak tresna gehiago ditu bizitza publikoan, gai publikoen kudeaketan parte hartzeko.
  • Zerbitzu profesionala: datuen katalogo guztia antolatuta eta sailkatuta duen administrazioa prest dago arreta zuzenagoa, arinagoa eta zehatzagoa emateko.
  • Eguneroko bizitzan berrerabil daitezkeen datuak: herritarrek produktu eta zerbitzu gehiago eduki dezakete eskura publikoarentzat datu zehatz gehiago erabilgarri daudelako.

Enpresa ehundurarako

  • Balioa eta aberastasuna sortzea: enpresek doako datuetatik sortutako produktuak diseinatu ditzakete, ondoren merkaturatzeko.
  • Kontratazio publikorako sarbidea: Administrazioaren kontratuen gaineko informazio zehatza eta gaurkotua, baldintza teknikoen agiriei eta kontratazioarekin lotutako datuei buruzkoa.
  • Berrikuntza: informazioa sartzea (eta irtetea) baimentzen duen erakundea bere langileen, hornitzaileen eta bezeroen adimena baliatzeko egoeran dago.

 

Herritarrekin daukagun konpromisoan irekita egotearen balioa defendatzen dugu zerbitzuak hobetzeko, baliabide publikoak kudeatzeko, berrikuntza sustatzeko eta erkidego seguruagoak sortzeko

Kanpoko erreferentziak

1.- EUDEL- GARDENTASUNAREN ALDEKO EUSKADIKO UDALEN SAREA

Gardentasuna EUDELen lan ildo estrategikoetako bat da. Toki erakundeetarako erronka handienetarikoa, udalek Tokiko Berrikuntza Agenden (TBA) bitartez ibilbide luzea egin duten berrikuntza eta modernizazioarekin batera. Hurrengo urrats gisa, gardentasuna aukera handia da herritarrekiko hurbiltasun, kudeaketa hobe eta tokiko ekintza politikoaren zilegitasunaren ikuspuntutik

Ideia honen funtsa, herritarrek orokorrean erakunde publikoen, eta bereziki, tokiko erakundeen irekitzea etengabe eskatzen dutela da. Horrez gain, gehitu behar dira 2013ko azaroaren 28ko Legeak, Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzkoak ezartzen dituen betebehar berriak

Hori guztia aurreikusirik, 2013ko urtarrilean, EUDELek Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea sortzea erabaki zuen, eta Leioako Udala batu egin zitzaion 2014an. Sarea marko nagusia da euskal udalen interes eta behar komunetan oinarritutako partekatutako estrategia diseinatzeko.

Sareak udal Gardentasunean aurrera egiteko duen lan ikuspegitik, bi udal talde bereizten dira, gai honetan egin duten ibilbidearen luze-laburraren arabera. Ibilbide luzeagoa duten udaletarako lankidetzako hobekuntza bilatzen da, hainbat gaitan elkarrekin aurrera egiten jarraitzeko, hala nola, kudeaketari buruzko gardentasuna, herritarrekiko elkarrizketa gardentasuna, open data, etab. Ibilbide laburragoa duten udaletarako, Sareak lankidetzako hastapena sustatzen du arlo horretan sinergiak baliatzeko, batez ere, sentsibilizazio, gaikuntza eta aholkularitzako ekintzen bidez.

Sarearen helburuak: udalen eskura jartzea ezagupenak, praktika onak eta estrategiak elkartrukatzeko espazio bat; metodologiak, tresnak eta materialak ematea; tokiko gobernu eta administrazioetan Gardentasuna bultzatzen laguntzea. Euskal Udalen Gardentasunerako estrategia komuna diseinatzeko markoa sortzea da helburu, honako helburu hauekin:

  • Euskal Udalen Gardentasunaren Eredu propioa definitzea eta ezartzea: faseak, eremuak, metodologia, erreferenteak /praktika onak eta gardenagoak izateko erreferentzia moduan baliogarri izango zaizkien materialak.
  • Euskal Udalak eta EUDEL Gardentasuneko erreferente bezala kokatzea.
  • Gizarteari jakinaraztea Euskal Udalak gardenagoak izateko egiten ari diren urratsak.

Informazio gehiagorako:  http://www.eudel.eus/es/areas/transparencia
http://www.eudel.eus/destacados/transparencia/

2.- Gardentasunaren Euskal Agentzia - Gardena

Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektuak ezartzen du Gardentasunaren Euskal Agentzia – Gardena (V. Atala), publizitate aktiboaren arloko betebeharrak betetzea sustatuko duen organo independente gisa, informazio publikorako sarbidea edukitzeko eskubidea zaintzeaz arduratuko dela, eta toki eta foru administrazioen kasuan, helegiteak ere ebatziko ditu, kasu horietarako organo erabakitzaile propiorik ezarrita ez badute

Gardenaren funtzio nagusien artean honako hauek daude:

  • Herritarrek informazio publikorako eta ahalik eta gardentasun handiena izateko eskubidea baliatzearen ondorioz sortzen diren arazoen gainean ebaztea
  • Eskubide horrek dituen legezko mugak ebaztea, norberaren datuen babesean, segurtasun publikoan, bizitza pribatuan, lanbide-sekretuan edo jabetza intelektual eta industrialeko eskubideetan oinarritutakoak
  • Gardentasunari eta informazio publikoaren sarbideari buruzko aholkularitza ematea.
  • Gardentasun arloko legezko betebeharrak era berean interpretatzeko irizpideak ezartzea

Herritarrek Gardentasunaren Euskal Agentzia-Gardenara jo ahal izango dute euskal Administrazio Publikoak eta EAEko Arlo Publikoko gainerako erakundeek, eta Tokiko Erakundeek eta beren arlo publikoak ez badiete erantzuten euren informazio publikoari buruzko eskaerei 15 eguneko epean.

Informazio gehiagorako: http://www.gardena.euskadi.eus/inicio/

3.- NAZIOARTEKO GARDENTASUNA (IT)

Nazioarteko Gardentasuna (IT) nazioartean diharduen gobernuz kanpoko erakundea da, eta ustelkeriari aurre egiten dio, gizarte zibila, sektore pribatua eta gobernuak koalizio handi batean bilduta. Munduan zehar dituen kapituluen eta Nazioarteko Idazkaritzaren bidez, Nazioarteko Gardentasunak ustelkeriaren alderdi guztiei aurre egiten die, herrialdeen barnealdean zein harreman ekonomikoetan, komertzialetan eta nazioarteko politiketan. Helburua da ustelkeriaren bi aurpegiak ulertzea eta borrokatzea: nork galbideratzen duen eta nork onartzen duen galbideratua izatea. Nazioartean, erakunde honek ustelkeriaren ondorioez ohartarazteko kanpainak abiarazten ditu, erreforma politikoak sustatzen ditu, gaiaren gaineko nazioarteko itunak eta horietara atxikitzea bultzatzen du, eta gero, gobernuei, erakundeei eta enpresei jarraipena egiten die, akordio horiek ezartzeari dagokionez. Era berean, nazio barruan, Nazioarteko Gardentasunak gardentasun handiagoaren eta kontuak ematearen printzipioak betetzearen alde egiten du. Horretarako, erakundeak funtsezko erakundeetako batzuen jarduera gainbegiratzen du, baita presioa egin ere, beharrezko aldaketak egin ditzaten alderdikeriatik urrun.

Erakundeak Estatuan egindako ekintza garrantzitsuenetako bat Gardentasun Indizeak osatzea izan da. Indizeak egiteko, web-atarietan (orokorrak edota gardentasunari dagozkionak) argitaratutako datuak eta informazioa eta Indize bakoitzak ezartzen dituen adierazleak eta gardentasun-arloak ebaluatzen dira.

Garrantzitsua da azpimarratzea Indizeen asmoa ez dela inolaz ere administrazioaren kide izan daitezkeen edo erakundeak politikoki zuzentzen dituzten pertsonen ustelkeria edo jokaera neurtzea. Adierazle bakoitzak darabiltzan datuen kalitatea eta egiazkotasuna ere ez dituzte sakonean aztertzen.

Udalen Gardentasun Indizeak (UGI) helburu bikoitza dauka: alde batetik, Udalen gardentasun-maila ebaluatzea, eta bestetik, erakunde horiek herritarrei, eta oro har, gizarteari informazio gehiago eman diezaiotela sustatzea eta horretarako laguntza ematea.

2014ko Udalen Gardentasun Indizea (UGI)

Informazio gehiagorako: www.transparencia.org.es

4.- Gardentasunaren Estatuko Kontseilua

Abenduaren 9ko Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko bideari eta Gobernu Onari buruzko 19/2013 Legeak Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseilua sortu zuen (III. Titulua).

Kontseilua da publizitatearekin eta gobernu onarekin lotutako betebeharrak betetzen direla zaintzeko eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzeko arduraduna. Gainera, organo horrek ezagutu behar ditu herritarrek informazioa eskuratzeari buruz aurkezten dituzten erreklamazioak, eskubide hori gauzatzeari dagokionez. Presidentearen, Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Batzordearen, eta hierarkikoki, Presidentearen mende dauden bestelako organoen inguruan egituratzen da: Gardentasun eta Gobernu Onerako Zuzendariordetza Nagusia (arauak xedatzen dituen publizitate aktiboko betebeharrak betetzen direla bermatzea eta 19/2013 Legearen II. Tituluak Gobernu Onari buruz jasotzen dituen xedapenak interpretatzea) eta Erreklamazioen Zuzendariordetza Nagusia (19/2013 Legearen 24. artikuluan jasotako erreklamazioak ezagutzea).

Dagozkion helburuak lortzeko, Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluak honako funtzio hauek ditu esleituta:

  • Abenduaren 9ko Legeak xedatzen dituen betebeharrak hobeto betetzeko gomendioak ezartzea.
  • Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzearen eta gobernu onaren gaineko aholkularitza ematea.
  • Abenduaren 9ko 19/2013 Legea garatzen duten estatu mailako arau-proiektuen edo horren helburuarekin lotuta dauden arauen berri ematea.
  • Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen betetze maila ebaluatzea. Horretarako, urtero memoria bat egingo du, eta bertan, betebeharren betetze mailari buruzko informazioa jasoko da. Ondoren, Gorte Nagusietan aurkeztuko du.
  • Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko gomendioen eta zuzentarauen jardunbide onak garatzeko arauen zirriborroak idatz daitezela bultzatzea.
  • Prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak sustatzea, abenduaren 9ko 19/2013 Legeak araututako gaiak hobeto ezagutzeko.
  • Berezkoak dituen gaietan elkarlanean aritzea, organo parekideekin batera.
  • Lege-arauz edo araubidez emanak zaizkion beste batzuk.

 

Informazio gehiagorako: http://www.consejodetransparencia.es/ct_Home
 

Lege araudia

Aplikatu beharreko oinarrizko araudia Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko 19/2013 Legetik eratortzen da. Araudia 2013ko abenduaren 10eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta estatu osorako balioa dauka. Lege hori osorik aplikatzen zaie Leioako Udalari eta haren mendeko erakundeei.

Administrazio ugari 19/2013 Legearen araudi osagarria prestatzen ari dira, autonomia erkidegoak bereziki. Kasurik gehienetan, funtsean, barne-aplikaziorako araudia da (administrazio orokorra eta haren mendeko erakundeak), xedapenetako batzuek hirugarren erakundeei eragiten badiete ere.

Gobernu Onaren Kodeari dagokion partea Legea BOEn argitaratu zenean sartu zen indarrean (2013ko abenduaren 10ean), eta Gardentasunaren eta Informazioaren parteak, berriz, urtebeteko gabe-aldia zeukan ofizialki argitaratu zenetik, Estatuko Administrazio Orokorrari eta erakunde pribatuei datxekienean. Autonomia Erkidegoek eta udalek bi urteko epea daukate Legea aplikatzen hasteko, hau da, 2015eko abenduaren 11ra arte, eta hori izango da Leioako Udalak eta haren mendeko erakundeek aplikatzen hasteko data. Horrela, hala nahi duten autonomia erkidegoek denbora daukate, arlo horri dagokionez, berezko legedia onartzeko.

Euskadin Gardentasunari, Herritarren Partaidetzari eta Gobernu Onari buruzko Lege Proiektuaren prestakuntza aldian gaude. Horri buruz informazio gehiago eskuratu ahal izango duzu honako esteka honetan: http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/informacion_publica/inf_dncg_ley_64397_2015_02/es_def/index.shtml

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeko Bideari eta Gobernu Onari buruzko 19/2013 Legea.
http://www.boe.es/boe/dias/2013/12/10/pdfs/BOE-A-2013-12887.pdf