null Ordenanza fiscal:IBI19
01.- ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA
16 azaroa 2022 2023.ko fiskalak

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Udal honek, Lurralde Historikoko Tokiko Ogasunak arautzen dituen Foru Arauak eta zergari buruzko Foru Arauak (maiatzaren 18ko 4/2016 Foru Araua) aurreikusten dutenarekin ados, Ondasun Higiezinen gaineko zerga eskatzen du Ordenantza honen arabera

ZERGA EGITATEA

2. artikulua.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga izaera errealeko zerga bat da, Leioako udalerrian dauden ondasun higiezinen balioa zergapetzen duena, Ordenantza Fiskal honek ezarritako terminoetan.

ZERGAPEKO EGITATEA ETA MENDE EZ EGOTEA 

3. artikulua.

Bat. Hiri- eta landa-ondasun higiezin eta ondasun higiezin berezien gainean ondoko eskubideen titular izateak eratzen du zergaren egitate ezargarria:

a) Administrazio emakida baten titular izateak ondasun higiezinen gainean edo haiei atxikita dauden zerbitzu publikoen gainean.

b) Azalera eskubide erreal baten titular izateak.

c) Gozamen eskubide erreal baten titular izateak.

d) Jabetza eskubidearen titular izateak.

Bi. Landa- edo hiri-ondasun higiezin bat aurreko atalean definitutako zergapeko egitateetako bat denean, bertan agertzen den hurrenkeran, ez da gainerako modalitateen menpe egongo

Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezinen kasuan, lehentasun berbera ezarriko da, ondasun higiezinaren gainean egon daitezkeen emakida eskubideek bere azalera agortzen duten kasuetan izan ezik. Azken horretan, jabetza eskubidearen gaineko zerga egitatea ere egingo da emakida baten eraginpean ez dagoen higiezinaren zatiaren gainean. 

Hiru. Zerga horren eraginetarako, hiri- eta landa- ondasun higiezin eta ezaugarri berezietako higiezin gisa hartuko dira Higiezinen Foru Katastroak horrela definitzen dituenak.

Lau. Ondasun higiezin bat udalerri desberdinetan kokatuta badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da horietako bakoitzekoa izango dela dagokion udalerrian hartzen duen azaleraren arabera.

Bost. Honako hauek ez daude zerga honen mende:

a) Errepideak, bideak, lur gaineko gainerako bideak, eta itsas, lur gain eta ur-alorreko jabego publikokoak ere, doako aprobetxamendu publikokoak badira.

b) Ondasun higiezin hauek, bertako udalerriarenak direnean:

•    Erabilera publikoko jabego publikokoak direnak.
•    Erabilera publikoko jabego publikokoak direnak, udalak zuzenean kudeatzen baditu, kontraprestazio baten bidez beste batzuei utzitako higiezinak direnean izan ezik.
•    Ondarezko ondasunak, kontraprestazio baten bidez beste batzuei utzitako higiezinak direnean izan ezik.

SALBUESPENAK

4. artikulua

Bat. Higiezin hauek salbuetsita geratuko dira:

a) Estatuarenak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoarenak, Bizkaiko Lurralde Historikoarenak edo toki erakundeenak, defentsa nazionalerako, herritarren segurtasunerako eta irakaskuntzarako zein kartzela-zerbitzuetarako badira.

b) Herri-ondasunak eta auzo-baso komunak.

c) Hazkunde moteleko espeziez landatutako basoak, araudi bidez zehaztuak, horien aprobetxamendu nagusia egurra edo kortxoa ateratzea denean, eta daukan zuhaiztiaren dentsitatea espezie horri dagokiona bada.

Halaber, baso arloan aginpidea duen Administrazioak onartutako antolaketa-proiektu edo plan teknikoen barruko zuhaiztietan berritzen ari diren zatiak ere (basoak birpopulatzea edo zuhaiztiak leheneratzea). Salbuespen honek hamabost urte iraungo du, eskabidea egin eta hurrengo zergalditik hasita.

d) Eliza Katolikoarenak, Estatuak eta Vatikanoak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz sinatutako hitzarmenean jasotakoaren arabera.

e) Katolikoak ez diren baina legez onartutako elkarte konfesionalenak, Konstituzioaren 16. artikuluak aipatzen dituen lankidetza-hitzarmenak ezarriz gero.

f) Espainiako Gurutze Gorriarenak eta legez ezar daitezkeen antzeko beste erakunde batzuena.

g) Euskal Herriko Unibertsitatearenak.

h) Atzerriko gobernuenak, diplomaziaren edo kontsulatuaren ordezkaritzarako edo euren organismo ofizialetarako direnean, elkarrekikotasun-baldintzaren edo indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen arabera.

i) Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikatu dakiekeen erakunde edo entitateenak.
j) Trenbideekin okupatutako lurrak eta lur horietako eraikinak, geltoki, biltegi edo linea horiek ustiatzeko ezinbestekoak diren beste edozein zerbitzutarako direnean. Beraz, ez dira salbuetsiko ostalaritzako lokalak, ikuskizunetakoak, merkataritzakoak eta aisialdirakoak, langileentzako etxebizitzak, zuzendaritzako bulegoak eta lantegiak.

Bi. Era berean, aldez aurretik eskaera eginik, honako hauek ere salbuetsita egongo dira:

a) Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2.2.a) idatz-zatiak monumentutzat jotzen dituen ondasun higiezinak. Salbuespen horretan sartuko dira sailkatuta nahiz zerrendatuta dauden kultur ondasunak, uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Era berean, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2.2.b) idatz-zatiaren araberako monumentu multzoen zati diren ondasun higiezinak ere salbuetsita egongo dira. Salbuespen horretan sailkatu edo zerrendatu diren higiezinak edo hala izan daitezkeenak baino ez dira sartuko, uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte eta babes berezi edo erdi-mailako babesaren araubidean sartzen badira. Era berean, salbuetsita egongo dira uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 44. artikuluan ezarritako arkeologia-gune batean dauden ondasun higiezinak, gune hori kultur ondasun izendatu bada, bai sailkapenaren bidez bai zerrenda batean sartuta. Halaber, bete beharrezko baldintza izango da arkeologiaren arloko esku-hartze baten ondoren, aurkitutako aztarnak ondasun higiezin horietan gordetzeko beharra ezarri izana Eusko Jaurlaritzako sail egokiak, eta bota edo beste leku batera eraman ezin izatea.

b) Hezkuntza-itunpeko ikastetxe pribatuak, itundutako ikastetxe diren artean.

c) Jarduera sozialetarako bakarrik erabiltzen diren ondasun higiezinak, betiere salbuespen hori egoki den Udalak erabaki bazuen, eta Irabazizkoak ez diren erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoari emandako zerga-pizgarriei buruzko otsailaren 24ko 1/2004 Foru Arauan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Hiru. Salbuetsita egongo dira, baita ere, sei euroko kuota likidoa gainditzen ez duten higiezinak.

SUBJEKTU PASIBOAK

5. artikulua.

Bat. Zergapeko gisa, zerga honen subjektu pasiboak Zergei buruzko Bizkaiko Foru Arau orokorraren 34.3 artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta Erakundeak izango dira, eta baita testamentu-boterea aplikatzeko zain dauden herentziak eta zergapeko egitatearen eskubide osagarria dutenak.

Zergadun baldintza emakidadun bati edo gehiagori dagokienean, bakoitzak bere kuota edukiko du, eta kuota hori, emandako azaleraren katastroko balioaren zatiaren eta emakida bakoitzari zuzenean lotutako eraikuntzaren arabera eta zehaztuko da. Halaber, Bizkaiko Lurralde Historikoko Higiezinen Katastroari buruzko Foru Arauak aipatzen dituen adierazpenak egin beharko dituzte emakidadunek, eta higiezina dagoen edo higiezinak eragiten dion erakunde publikoak, edo higiezina administratu edo kudeatzeko ardura duen erakunde publikoak, Ogasun eta Finantza Sailari aurkeztu beharko dio emakida horiei buruzko informazioa, arauak ezarritako termino eta baldintzen arabera. 
Jabea zergaduna denean emakidek eragiten ez dioten azaleragatik, horren ordez, aurreko ahapaldian aipatzen den erakundeak esku hartuko du. Erakunde horrek ezin izango dio ordaindutako zerga-zorrari dagokion diru-kopurua zergadunari jasanarazi.  

Bi. Aurreko atalean ezarritakoa betetzea ez da eragozpen izango subjektu pasiboak jasandako zergaren karga zuzenbide komunaren arauen arabera jasanarazteko ahalmena izateko.

Herri Administrazioek eta erakunde publikoek zergaren kuota likido osoa jasanaraziko diete subjektu pasibo izan ez eta euren jabari publikoko ondasunak edo ondare-ondasunak (hori jasateko obligazioa dutenak) kontraprestazio baten bidez erabiltzen dituztenei. Horretarako, erabilitako azalerari dagokion katastro-balioaren zatiaren eta erabilera eskubidearen errentari edo lagapen-hartzailearekin zuzenean lotutako eraikuntzaren arabera zehaztuko da jasan beharreko kuota. 

Hiru.-'Pertsona anitzenak diren ondasun indibisoak direnean, katastro-titulartasuna erkide, kide edo partaide bakoitzari esleituko zaio, horietako bakoitzari dagokion kuotaren arabera, eta, hala badagokio, haiek guztiek osatzen duten erkidegoari; erkidego hori bere identifikazio fiskaleko zenbakiaz identifikatuta egongo da.

Kasu horretan, zerga-kuota banatzeko eskatu ahalko da; horretarako, ezinbestekoa izango da ordaintzera behartuta dauden gainerakoen datu pertsonalak eta zerga-egoitzak, baita kuota zati ezberdinak ordaintzeko banku-helbideratzearen agindua ere aurkeztea.

Prozedura hau aplikatzeko zerga-egitatearen titular guztiek ados egon beharko dute.  

Kuota-zatietan ordainketa-eskaera onar dadin, kuota zatikatu bakoitzaren gutxieneko zenbatekoa 50 eurotik gorakoa izango da.

Lau. Irabazitako ondasunen sozietatea edo ondasunen foru jakinarazpena daukaten ezkontideen edo aurreko bi ekonomia-ondare erregimenetariko edozein hitzartu duten izatezko bikoteen kideen titulartasunekoak diren ondasunen kasuan, likidazio bakarra egingo da eta zergaren kuota ezin izango da banatu. 

ESKUALDATZEAREN AFEKZIO ERREALA ETA TITULARKIDEATSUNAREN ERANTZUKIZUN SOLIDARIOA

6. artikulua.

Bat. Zerga honen zerga egitatea osatzen duten eskubideen titulartasuna, edozein arrazoirengatik, aldatzen bada, eskubide horien xede diren ondasun higiezinek zerga-kuota osoa ordaindu beharko dute, erantzukizun subsidiarioko erregimenpean, Zergei buruzko Bizkaiko Foru Arau Orokorraren 42. Artikuluko 1.d) atalean azaltzen diren terminoen arabera. 

Horretarako, notarioek informazioa eskatuko dute eta agertutako alderdiei jakinaraziko die transmititzen den ondasun higiezinari Ondasun Higiezinen Zerga dela-eta dagozkion zorrak, eta ondasunek zerga-kuota ordaindu behar dutela. 

Bi. Zergei buruzko Bizkaiko Foru Arau Orokorraren 34.3 artikuluan adierazten diren erakundeetako partaide edo titularkideek, euren partaidetzaren proportzioaren arabera eta Higiezinen Foru Katastroan horrela agertzen badira, zerga honen kuota modu solidarioan ordaindu beharko dute. Ez badaude inskribatuta, erantzukizuna hainbana izango da.

ZERGAREN OINARRIA

7. artikulua.

Ondasun higiezinen balio katastrala izango da zerga honen oinarria. Balio hori Bizkaiko Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko Foru Arauak arautzen du. 

KUOTA OSOA ETA KUOTA LIKIDOA

8. artikulua.

Bat. Zerga honen kuota aterako da Ordenantza Fiskal honen hurrengo artikuluak aipatzen duen zergaren oinarriari karga-tasa aplikatuta.

Bi. Kuota likidoa kuota lortzeko, ordenantza fiskal honetako 10 eta 11. artikuluetan zehazten diren hobariak kuota osoari kendu beharko zaizkio, egoki bada.

KARGA-TASA

9. artikulua.

Bat. Hiri Izaerako Ondasunak direnean, gutxieneko karga-tasa %0,02koa izango da, eta Landa Izaerako Ondasunak direnean, berriz, %0,05koa. Maximoa, %060koa izango da hiri-ondasunak direnean, eta 0,50ekoa landa-ondasunen kasuan. 

Bi. Aurreko atalean esaten denaz gain, dena den, udalek karga-tasa desberdinduak ezar ditzakete hiri erabilerengatik, honako muga hauen barruan: 

•    Gehienez, %3,00 Industria erabileretarako (I)
•    Gehienez, %2,00 Merkataritza erabileretarako (C).
•    Gehienez, %1,00, tasa bakarrarekin, gainerako erabileretarako, Bizilekuak (V) eta beste erabilera batzuk (Y) izan ezik. 
•    Artikulu honek xedatzen duenaren ondoreetarako, hiri erabilerak esleitzeko, hiri-ondasun higiezinak baloratzeko katastro-arauak ezartzen duena beteko da.

Hiru. Aurreko ataletan xedatutakoaren mugen barruan, Udalek tasa desberdinak ezarri ahal izango dizkiete hiri-ondasun higiezinei, katastro-arauak eraikuntzen baloraziorako ezartzen dituen erabileren arabera. Tasa horiek, gehienez, udalerri barruan dauden eta erabilera bakoitzerako katastro-baliorik handiena duten hiri-ondasun higiezinen %10ei bakarrik aplikatu ahal izango zaie. Horretarako, ordenantza fiskalak zehaztuko du balioaren muga erabilera bakoitzerako, eta hortik aurrera, tasa gehituak aplikatuko dira. 

Higiezinek erabilera bat baino gehiago esleituta dutenean, eraikin edo zati nagusiaren erabilerari dagokion tasa aplikatuko da. 

Lau. Salbuespen modura balio katastralen segidako ezarketak edo berrikusketak egiten direnean, eta ez aldi berekoak, edo udalerriko higiezinen zati handi baten balio katastralen aldaketa egiten denean, udalek karga-tasa ezberdinak ezarri ahal izango dituzte, ondasunek balio katastral berriak dauzkaten ala ez kontuan hartuta.

Bost. Udalek urtero aldatu ahal izango dituzte karga-tasak, eta aplikatuko diren urteko urtarrilaren 1a baino lehen onetsi eta argitaratu beharko dira.

Sei. 2017ko ekitaldirako indarrean dauden karga-tasak ordenantza fiskal honen eranskinean jasota daude. 

NAHITAEZKO HOBARIAK

10. artikulua.

Bat. Obra berrien edo horren pareko birgaitze-eraikuntzen urbanizazio, eraikuntza eta sustapen arloko enpresen jardueraren xede diren ondasun higiezinek zergaren kuota osoan % 50eko hobaria izango dute, betiere euren ibilgetuaren ondasunen artean ez daudenean eta interesdunek obra berriaren alta-adierazpenarekin eskatzen badute.

Hobari hori aplikatzeko epea lanak hasten diren zergaldiaren hurrengotik lanak bukatzen diren zergaldiaren hurrengora artekoa izango da, denbora horretan benetako urbanizazio-lanak edo eraikuntza-lanak egiten badira. Epe hori ezin da hiru zergaldi baino luzeagoa izan.

Bi. Zergaren kuota osoan % 50eko hobaria eskuratzeko eskubidea izango dute, behin betiko kalifikazioa jaso, eta hurrengo hiru zergaldietan zehar, babes publikoko etxebizitzek eta horiekin pareka daitezkeenek Euskal Autonomia Erkidegoko araudiari jarraiki.

Hiru. Baserritarren eta Lurra Auzolanean Ustiatzeko Kooperatiben landa-ondasunek zergaren kuota osoan % 95eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute, Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauan ezarritako eran.

AUKERAKO HOBARI ETA GAINORDAINAK

11. artikulua.

Bat. Zergaren kuota osoaren % 50eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute etxebizitza izatera bideratutako ondasun higiezinek, baldin eta eguzkitik datorren energia helburu termiko edo elektrikoetarako aprobetxatzeko sistemak instalatu badira. Hobari hori instalazioa amaitu eta hurrengo 5 zergaldietan aplikatuko da. Nolanahi ere, ez dira kontuan hartuko konponketa-kasuak.

Hobari hori aplikatzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Beroa ekoizteko instalazioetan, administrazio eskudunaren dagokion homologazioa duten kolektoreak izatea, bai eta dagokion udal-lizentzia izatea ere. Ez da hobaririk izango eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioa izatea nahitaezkoa denean gaiari buruzko araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera, ezta Eraikuntzaren Kode Teknikoa indarrean jarri ondoren eraikitako eraikinei dagokionean ere.

b) Instalazioaren zenbatekoa, gutxienez, higiezinaren katastro-balioaren % 1,5ekoa izatea instalazioaren urtean, banakako etxebizitzen kasuan, eta, etxebizitza kolektiboen kasuan, instalazioaren zenbatekoa etxebizitza guztien katastro-balioen batuketaren % 1,5ekoa izatea instalazioa egin zen urtean.

Hobari hori interesdunak hala eskatuta emango da, eta, oro har, eskatzen den zergaldiaren hurrengo zergaldian izango ditu ondorioak, betiere aldez aurretik hura emateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen bada.

Bi. . Zergaren kuota osoaren 100eko 50eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute "Etxebizitza Hutsen Programaren" edo merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzaren esparruan Eusko Jaurlaritzaren programetan lagatzen diren ondasun higiezinek, baita autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako edo udaletako antzeko beste etxebizitza-plan eta -programa batzuetan lagatakoek ere.

Hiru. Zergaren kuota osoaren % 100eko hobaria ezartzen da hondamendi naturalak izan diren eremuetan kokatutako higiezinentzat.

Lau. Zergaren kuota likidoaren % 50eko errekargua ezartzen da subjektu pasiboaren edo hirugarren pertsonen errentamenduagatik edo erabilera-lagapenagatik— bizileku ez diren bizitegi-erabilerako ondasun higiezinetarako.

Delako errekargu hori urtero sortu eta likidatuko da, zergaren kuotarekin batera.

Bizitegi-erabilerako higiezin bat bere okupatzaileen bizilekua dela joko da, baldin eta ondasun higiezinen gaineko zerga sortzen den egunean udal-erroldan hala jasota badago.

Aipatutako errekargu hori aplikatzeko, etxebizitzaren eranskinak ere kontuan hartuko dira, baldin eta etxebizitzak eta eranskin horiek erregistro-finka bakarra osatzen badute.

Artikulu honetan araututako hobariak subjektu pasiboak hala eskatuta emango dira, eta bateraezinak dira elkarren artean; beraz, zergaldi berean ezin izango da hobari bat baino gehiago hartu.

SORTZAPENA ETA ZERGALDIA 

12. artikulua.

Lehena. zergaldiaren lehen egunean sorrarazten da zerga.

Bigarrena. Zergaldia urte naturala izango da.

Hirugarrena. Higiezinen Foru Katastroan adierazi edo jakinarazi behar diren egintza eta negozioek eraginkortasuna izango dute zerga honen sortzapenean katastro-ondoreak eragiten dituzten unetik bertatik aurrera. Eraginkortasun hori ez da egoki deiren egintza administratiboak jakinaraztearen mende egongo. 

Katastro-balioak ikuskatzearen eta aldatzearen ondoriozko egintzen eraginkortasuna Bizkaiko Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko Foru Arauan jasotako terminoen araberakoa zaingo da. 

ZERGAREN KUDEAKETA

13. artikulua.

Bat. Udalerri bakoitzerako, urtero, osatuko den Katastro-erroldan jasotako informaziotik abiatuta kudeatzen da zerga, Higiezinen Foru Katastroaren araudiak ezartzen duenarekin ados. Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionean Errolda hori osatzea, dagokien Udalen eskura egongo da, eta aldi berean, interesdunek sarbidea izango dute Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean, izaera pertsonaleko datuak behar bezala babesteari begira, identifikazio datu jakin batzuk eskatuko dituzten kontsulta inprimakien bitartez.

Bi. Katastro-errolda jendaurrean erakusteko epea amaitu ondoren, eta erreklamazio edota errekurtsoak ebatzita, Udalek ordainagiriak egongo dituzte eta horietan jasoko diren likidazioei dagozkien kobratzeko zerrendak egingo dituzte. Hori guztia, Tokiko Ogasunei buruzko 9/2005 Foru Arauko 8. artikuluak aipatzen dituen lankidetza formulez gain.  

Hiru. Udalerri berean dauden landa-ondasunak direnean, subjektu pasibo berak zerga hau ordaintzeko dauzkan kuota guztiak agiri bakarrean bildu ahal izango dira.

XIII. ESKUMEN-EREMUA

14. artikulua.

Lehena. Kudeaketa, ikuskapen eta bilketa eskumenak, epe boluntarioan eta betearazpen epean, eta zerga-kudeaketa bidetik egindako berrikusketa egintzak, Leioako Udalari dagozkio. 

Bigarrena. Leioako Udalaren eginkizunak dira, hain zuzen, salbuespenak eta hobariak ematea eta ukatzea, zerga-arloko zorrak zehazteko likidazioak egitea, kobrantzako ordainagiriak egitea, okerreko diru-sarrerak itzultzeko espedienteak ebaztea, egintza eta jarduera horien aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea eta zergadunei atal honekin lotutako gaiei buruzko informazioa eta laguntza emateko jarduketak egitea.?

AZKEN XEDAPENA

15. artikulua. 

INDARREAN SARTZEA ETA ONDOREAK

Lehena. Ordenantza honen 11.4 artikuluan jasota dagoen gainordaina ezartzeko, aurretik, higiezinen errolda onetsi beharko da, Udal honetako Hirigintza eta Ogasuna sailek batera onartutako terminoetan

Bigarrena.Ordenantza Fiskal hau Udalbatzak onartu zuen 2020ko urriaren 29(e)an egindako bilkuran, eta indarrean sartuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean. 
 

ERANSKINA

2022KO TARIFA

KARGA TASA

A) Hiri Ondasunak

1.Tasa Orokorra

0,179%

2.Industriaren Tasa

0,512%

3.Merkataritzaren Tasa

0,453%

4.Gainerakoen Tasa

0,307%

B) Landa Ondasunak

0,053%