Kanal honen bidez, gure eskuetan dagoen eta gure funtzioak betez egina edo hartua izan den informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabil dezakezu.
Edozeinek eskura dezake informazio hori, muga batzuekin, adibidez, edukiak segurtasun publikoari, jabetza intelektual eta industrialari, datu pertsonalen babesari eta arauan jasotako beste zenbait alderdiri eragiten badie. Horrek ez du esan nahi, behin babestu beharreko interes hori baloratuta, informazio hori partzialki eskuratzea baimendu ezin denik, betiere, ematen den informazioa desitxuratzen ez bada edo zentzurik galtzen ez badu.
Nork eska dezake informazioa?
Informazioa eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du edozeinek, Espainiako Konstituzioaren 105.b artikuluak aurreikusitako terminoen arabera.
Pertsona juridikoek ere horietara sartzeko eskubidea erabili ahalko dute.
Edozein informazio eska daiteke?
Bai, baina informazioa eskuratzeko eskubideak muga batzuk ditu, eta muga horien xedea da beste ondasun juridiko batzuk babestea, babesik gabe gera daitezkeenak informazioa emanez gero. Hau da, mugak daude publikoa izan behar ez duen informazioa babesteko, publikoa balitz, pertsonaren bati edo interes publikoari kalte egin liezaiokeelako.
Muga horiek Legean tasatuta daude eta honako hauek dira:
- Nazio segurtasuna
- Defentsa
- Kanpo harremanak
- Segurtasun publikoa
- Legez kontrako penal, administratibo edo diziplinazkoak saihestu, aztertu eta zigortzea
- Epaiketa prozesuetako alderdien berdintasuna eta tutoretza judizial efektiboa
- Zaintza, ikuskaritza eta kontroleko funtzio administratiboak
- Interes ekonomiko eta komertzialak
- Ekonomia- eta moneta-politikak
- Sekretu profesionala eta jabego intelektual eta industriala
- Erabakiak hartzeko prozesuetan eskatzen den konfidentzialtasun edo sekretu bermea
- Ingurumenaren babesa
Mugak aplikatzea justifikatuta egongo da eta bere xedearen ate babestu behar duen helburuaren neurrikoa izango da. Kasu bakoitzaren egoera bereziei ere erantzungo die, batez ere, datu horiek eskuratzea justifikatzen duen interes publiko edo pribatuari.
Nola aplikatzen dira mugak?
Informazioa eskatzen zaion organoak, uste badu hori argitaratzeak mugaren bat urra dezakeela, baloratu beharko du kalterik eragiten ote duen informazio hori emateak.
Zergatik existitzen da datu pertsonalen babesa?
Eskatutako informazioak bereziki babestuta dauden daturik baleuka, informaziora bakarrik sartu ahal izango da eragindakoaren berariazko eta idatzizko baimenarekin.
Nola babesten dira datu pertsonalak Sartzeko Eskubidean?
Legearen 15. artikuluak arau batzuk dauzka:
- Eskatutako informazioak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 7. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako datu bereziki babestuak baditu, informazio hori eskuratzeko nahitaezkoa izango da eragiten zaionaren berariazko idatzizko baimena izatea; dena dela, ez da baimen hori behar izango, baldin eta, eskuratzeko eskaera egin baino lehen, eragiten zaion horrek datuak ageri-agerian ezagutzera eman baditu.
- Informazioak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 7. artikuluaren 3. paragrafoan aipatutako datu bereziki babestuak edo arau-hausleari ohartarazpen publikorik ez dakarkioten arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak baditu, informazio hori eskuratzeko nahitaezkoa izango da eragiten zaionaren berariazko baimena edukitzea edo lege-mailako arauren baten babesa izatea.
- Oro har, organoaren antolamendu, funtzionamendu edo jarduera publikoari buruzko identifikazio-datu hutsak jasotzen dituen informazioa eskuratzeko baimena emango da, salbu eta ezin bada ezagutarazi, informazioa ezagutzera ematearen interes publikoari datu pertsonalak babestea edo Konstituzioak babestutako beste eskubideren bat gailentzen zaiolako.
- Eskatutako informazioak ez duenean datu bereziki babesturik, eskaera jaso duen organoak informazioa eskuratzea baimenduko du, informazioa ezagutarazteak daukan interes publikoa eta eskatutako informazioan ageri diren datuen jabeen eskubideak (bereziki datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea) behar bezala aztertu eta kontuan hartuta. Erabaki hori hartzeko, organoak kontuan hartuko ditu arauan aurreikusitako irizpideak.
Zer da sartze partziala?
Informazioaren zati bat eskubidearen mugen barruan dagoen informazioa eskatzen den kasuetan, eskaera partzialki onartuko da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio zein informazio ez den aipatu.
Eskaera arrazoitu beharko da?
Eskatzaileak ez du zertan arrazoitu bere informazio eskaera. Hala ere, informazioa eskatzeko arrazoiak azal ditzake eta aintzat har daitezke ebazpena egiterako orduan. Dena den, arrazoirik ez emateagatik ez da eskabidea ukatuko.
Bere burua identifikatu beharko du informazioa eskatzen duen herritarrak?
Bai, eskabidea honako hauek jasota uzteko aukera ematen dutenen moduen bidez aurkeztu ahal izango da:
- Eskatzailearen nortasuna
- Eskatzen den informazioa
- Komunikazioak egiteko harremanetarako helbide bat, ahal bada, elektronikoa.
- Egoki bada, nahiago den modalitatea eskatutako informaziora sartzeko.
Zein arrazoirengatik uka daiteke eskaera bat?
Ez dira izapidetzeko onartuko, ebazpen arrazoitu bidez, honako eskabide hauek:
- Egiteko bidean den informazioari edo argitalpen orokorrerako bidean den informazioari buruzkoak.
- Informazio osagarriari edo laguntzarako informazioari buruzkoak; esate baterako, halako informaziotzat hartzen da, oharretan, zirriborroetan, iritzietan, laburpenetan, barne komunikazio eta txostenetan edo organo edo erakunde administratiboen arteko komunikazio eta txostenetan jasotakoa.
- Hedatzeko, aldez aurretik, berriro prestatzea behar duten informazioari buruzkoak.
- Eskumena nork daukan ez dakigunean, informazioa ez daukan organo bati zuzendutakoak.
- Argi eta garbi errepikakorrak direnak edo neurriz kanpokoak direnak, lege honen gardentasun helburuarekin justifikatu ezin direnak.
Zer gertatzen da eskaera informazioa ez duen organo bati eskatuz gero?
Herritarrak eskabidea bidali beharko dio informazioa duen organoari erantzuna ahalik eta eraginkorren izan dadin.
Eskaera bidaltzen zaion subjektuari ez duen informaziorik eskatzen bazaio, horrek organo egokiari bidaliko dio eskaera, ezagutuz gero, eta eskatzaileari jakinaraziko dio.
Zer gertatzen da herritarraren informazio eskaera ez bada garbia?
Eskabidean ez denean behar bezala identifikatzen informazioa, eskaera-egileari eskatuko zaio zehaztu dezala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela eta ebazpena emateko epea eten egiten dela.
Zein da epea informazioa eman edo ukatzeko?
Informazioa eskuratzeko baimena emateko edo ez emateko ebazpena, beraz, ebazpen hori emateko eskumena duen organoak eskabidea jaso eta gehienez hilabeteko epean jakinarazi beharko zaio eskatzaileari, bai eta eragiten zaien besteei, hala eskatzen badute.
Epe hori beste hilabetez luzatu ahal izango da, baldin eta eskatutako informazioaren bolumena edo konplexutasuna direla-eta beharrezkoa bada, eta aldez aurretik eskatzaileari jakinarazita.
Sartzea onartu edo ukatzen duten Ebazpenak arrazoituak izango al dira?
Arrazoituak izango dira informazioa eskuratzea ukatzen duten ebazpenak, zati bat eskuratzea baimentzen dutenak edo eskatutako modalitatearen bidez barik beste modu batez eskuratzea baimentzen dutenak eta hirugarren bat aurka azaldu arren eskuratzea baimentzen dutenak. Azken kasu horretan, berariaz adieraziko zaio interesdunari 22.2 artikuluko epea igarotakoan bakarrik eskuratuko dela informazioa.
Informazioa dagoen ala ez adierazte hutsak informazioa eskuratzeko mugetariko bat urratzea badakar, eskabidea ez onartzean horren berri emango da.
Eskabideak ez badu erantzunik jasotzen, isiltasunak zer dakar?
Ebazteko gehieneko epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ez dela onartzen ulertuko da.
Zer egin dezake informazioa ukatzen zaion herritar batek?
Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, hartara eragotzi gabe 24. artikuluan aurreikusitako aukerako erreklamazioa jartzea Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluaren aurrean, Legearen xedapenak egoki betetzen direla zaintzeko organo independentea. Erreklamazio horrek ordezkatu egiten ditu errekurtso administratiboak, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 107.2 artikuluak ezarritakoarekin ados.