null 06.23.- ADINEKOENTZAKO OSTATU-ZERBITZUA EMATEAGATIKO TASA
06.23.- ADINEKOENTZAKO OSTATU-ZERBITZUA EMATEAGATIKO TASA
15 apirila 2021 2023.ko fiskalak

XEDAPEN OROKORRAK

1. Artikulua

Udal honek, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Arauarekin bat etorriz, Adinekoentzako Ostatu-Zerbitzua emateagatiko tasa ezarri eta exijitzen du, Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

2. Artikulua.

Ordenantza udalerri osoan aplikatzen da.

ZERGAPEKO EGITATEA.

3. Artikulua.

Zergapeko egitatea da, interesdunak hala eskatu duelako, ostatu-zerbitzua benetan ematea, Leioako Udaleko adinekoentzako ostatu-zerbitzua emateko baldintzak eta sartzeko araubidea arautzen dituen erregelamenduan jasotako ostatu-zerbitzua hain zuzen ere.

SUBJEKTU PASIBOA.

4. artikulua. 

Subjektu pasiboak dira, zergadun diren heinean, eta, beraz, ordenantza honetan araututako tasa ordaintzera behartuta egongo dira zerbitzua erabiltzen duten pertsona fisikoak, haiek ordezkatzen dituzten senideak eta/edo legezko tutoreak, edo ordainketa hori egiteko konpromisoa hartu dutenak.

ZERGA-KUOTA

5. artikulua.

Adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren erabiltzaileek, oro har, parte hartuko dute jasotzen duten zerbitzua finantzatzen, eta onuradunaren ahalmen ekonomikoaren arabera kalkulatuko da bakoitzaren tasa hori.
    
Bakoitzaren ahalmen ekonomikoa diru-sarreren eta ondarearen arabera zehaztuko da. Onuradunak eta haren bizikidetza-unitateak jasotzeko edo gozatzeko eskubidea duten edozein gisako errentak, diru-sarrerak eta edozein motatako ondarea zenbatuko dira.

6. Artikulua.

Bizikidetza-unitatetzat joko da honako hau: onuradunak eta haren ezkontideak edo ezkontzaren antzeko harremana duen pertsonak osatzen duena.

    
Era berean, familia-berrelkartzearen kasuan, tasa pertsonalizatua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbat persona berrelkartu diren, Adinekoentzako Ostatu Zerbitzua arautzen duen Erregelamenduan jasotako mugen barruan.

7. Artikulua.

Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko dira zerbitzua eskatzatzen duenaren titulartasunpeko ondasun eta eskubide guztiak, eta, hala badagokio, bizikidetza-unitateko kideen titulartasunpeko ondasun eta eskubide guztiak, hala nola lanetik, kapitaletik eta horien ordezko beste edozeinetatik eratorriak.

Lan-errentatzat hartuko dira honako hauek: norberaren edo besteren konturako jardueretatik eratorritako ordainsariak, diruzkoak zein gauzazkoak, eta errenta horiek gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidek aitortutako prestazioekin parekatuko dira, baldin eta baliabide publikoen edo besteren kontura finantzatzen badira.

Era berean, laneko errenten ordezko diru-sarreratzat hartuko dira funts publiko edo pribatuen kontura jasotzen diren bestelako diru-sarrera osagarri guztiak.

Nolanahi ere, aipatu berri diren errenta horien zenbateko garbia hartuko da kontuan, jasotako urteko ordainsari guztiak batera hartuta.

Kapital-errenta gisa zenbatuko dira honako hauek: ondare-elementuetatik datozen diru-sarrera guztiak, bai ondasunetatik bai eskubideetatik datozenak, eta sarrera horiek benetako etekinen arabera hartuko dira kontuan (banku-interesak, alderantzizko hipotekaren etekinak, etab.).

Nolanahi ere, erabiltzaileak nahiz haren bizikidetza-unitateko gainerako kideek jasotzeko edo gozatzeko eskubidea duten edozein gisako errentak edo diru-sarrerak zenbatuko dira.

8. Artikulua.

Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ondasuntzat jotzen da zerbitzuaren eskatzailearen ondasunen eta eskubide ekonomikoen multzoa, eta, hala badagokio, bizikidetza-unitateko kideen titulartasunpekoak diren ondasunen eta eskubideen multzoa.

Ondasun higiezinen balorazio ekonomikoa Higiezinen Katastroek ezarritako katastro-balioaren zenbatekoa izango da.

Estatuan dauden ordenamendu juridiko zibil eta foraletan araututako ezkontza-araubide ekonomikoen ondoriozko titulartasun esklusiboko edo titularkidetasuneko kasuetan, baita erregistratutako izatezko bikoteak eratzeko espedienteetan itundutakoetan edo Kode Zibilean araututako ondasun-erkidegotik sortutako titulartasunetan ere, onuradunari dagokion ehunekoa hartuko da kontuan.

Ohiko etxebizitza balorazio horretatik kanpo geratuko da, baldin eta eskualdatzearen, alokatzearen edo antzeko beste edozein negozio juridikoren ondorioz ohiko etxebizitzaren izaera galtzen ez badu, eta jarduketa horrek etekinen bat lortzea badakar edo ekar badezake. Salbueste hori ez da aplikatuko ohiko etxebizitzak 300.000,00 eurotik gorako katastro-balioa badu. Era berean, ez dira kengarritzat hartuko ohiko etxebizitza horri dagozkion gastuak eta beste edozein eratako kargak.

Baldin eta ezein etekin ekonomikorik lortzen ez bada, ez dira kontuan hartuko landa-ondasun higiezinak, ez eta beste ondasun higigarriak (saldoak, finantza-produktuak, etab.) eta higiezinak (hiri-ondasunak eta landa-ondasunak) ere, baldin eta jabetza soileko erregimenean esleitzen bazaizkio eskatzaileari, horietan dituen ehunekoak edozein izanda ere.

Halaber, ez dira kontuan hartuko aurri-egoeran dauden higiezinak ere. Aurri-egoera hori ondasun higiezin hori kokatuta dagoen tokiko udalak egiaztatu beharko du.

9. Artikulua.

Ekonomiaren eta ondarearen aldetik eskatzailea zer egoeratan dagoen egiaztatzeko eta haren ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, eskabidea aurkezten den unean bertan aztertuko da eskatzailearen ondarean eta, hala badagokio, haren bizikidetza-unitatean izandako aldaketa, eskaera aurkeztu aurreko bost (5) urteetan.

Baldin eta eskaera egin aurreko bost urteetan erabiltzaileak edo bizikidetza-unitateko beste kideren batek ondasun eta eskubide ekonomikoak dohainik eskualdatu baditu, ondasun eta eskubide horien balio ekonomikoak ordenantza honen 10. artikuluko bosgarren paragrafoan ezarritako ondare higigarriaren saldoa handituko du, eta artikulu horrek ezartzen du zerbitzuaren kostu osoa zein zenbatekoraino ordaindu beharko den.

Era berean, 5 urteko epe berean, bizikidetza-unitateak kostu bidezko ondasun eta eskubide ekonomikoak horien balio ekonomikoaren azpitik eskualdatu baditu, salmenta-prezioaren eta balio ekonomikoaren arteko aldeak aurreko paragrafoan deskribatutako ondare higigarriaren saldoa handituko du. Ondasun higiezinen prezioaren eta balioaren arteko aldea kalkulatzeko, ondasun horien katastro-balioa hartuko da balio ekonomikotzat.

Kapital-murrizketa dagoenean, eta gertatutako aldaketa justifikatze aldera, bizikidetza-unitatearen bizi-kalitatea edo ongizatea hobetzeko egin diren ordainketak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta behar bezala egiaztatuta badaude, Baldin eta behar bezala egiaztatuta badaude fakturaren edo horien egiaztagiri gisa balio duen ordezko dokumenturen baten bidez, betiere fakturazio-betebeharrak arautzen dituen urtarrilaren 22ko 4/2013 Foru Dekretuan eta horrekin bat datorren gainerako araudian aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

10. Artikulua.

Tasa horren kuota honako formula hau aplikatzearen emaitza izango da:

• Hileko kuota = % 80 * (Urteko diru-sarrerak + higiezinen katastro-balioaren % 5, ohiko etxebizitza alde batera utzita) / 12.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, urteko diru-sarrerak erabiltzaileari dagozkionak izango dira; hau da, Ordenantza honetako 7. artikuluan definitutako bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrerak haren kide kopuruarekin zatitzearen emaitza.

Zenbateko hori ez da inola ere zerbitzuaren hileko kostua baino handiagoa izango, eta erabiltzaileari urtean 1.200 euroko errenta erabilgarria bermatuko zaio, gutxienez; hau da, tasa kalkulatzeko erabili beharreko 12 hilabeteei dagokienez 100 euro hileko kalkulatuta.

Hala ere, diru-sarrera egiteko eskaera egiten duen egunean, erabiltzaileak 3.000 euroko edo gehiagoko ondare higigarri, likido edo likidagarria badu unitate konbentzionaleko kide bakoitzarentzat, zerbitzuaren kostu errealaren % 100 ordainduko du, harik eta ondare hori esandako 3.000 euroko kopurura murriztu arte; hortik aurrera, adierazitako formularen arabera dagokion tasa pertsonalizatua ordainduko du.

11. Artikulua.

Hileko kuota urtero berrikusiko dute udaleko gizarte-zerbitzuek, edo, bestela, kuota horiek aldatzea ekar dezaketen baldintza eta inguruabarren bat aldatzen bada, batez ere errenta edo bizikidetza-unitateko pertsona-kopurua aldatzen bada.

Berrikuspena ofizioz egingo da edo interesdunak edo haren ordezkariak hala eskatuta, eta, horretarako, kontuan hartu beharko da zerbitzua arautzen duen Erregelamenduaren 8.10 artikuluan jasotako informazio-betebeharra.

ZORTZAPENA ETA ZERGALDIA

12. Artikulua.

Tasa une honetan sortzen da: onuraduna Adinekoentzako Ostatu Zerbitzuan sartzen den egunean bertan, eta egun horretatik aurrera sortzen da ordaintzeko betebeharra.

13. Artikulua.

Tasa pertsonalizatuaren likidazio-aldia hilabete naturala izango da, eta haren zenbatekoa Alkatetzaren Dekretu bidez zehaztuko da. Tasa eska daitekeen hilabete naturalaren hurrengo hilaren lehenengo hamar egunetan ordaindu beharko da, banku-helbideratzearen bidez.

14. Artikulua

Zerbitzuan alta edo baja ematen den kasuetan, hilabete horretako tasa egun naturalen arabera hainbanatuko da, alta edo baja gertatzen den egunari dagokiona barne.

15. Artikulua.

Zerbitzua arautzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan zehaztutako edozein arrazoirengatik onuradunak ostatu-zerbitzua aldi baterako bere borondatez edo berak nahi gabe uzten duenean, zerbitzua ordaindu behar duen pertsonak dagokion ekarpen ekonomikoaren % 100 ordainduko du plaza-erreserba gisa.

Hala ere, onuraduna plaza soziosanitario batean sartzen bada, lehen hilabeteko ekarpen ekonomikoa dagokion tasa pertsonalizatuaren % 100ekoa izango da, eta bigarren hilabetekoa eta hurrengoetakoa, berriz, okupatzen duen plaza soziosanitarioagatik ordaindutako zenbatekoak kenduta kalkulatuko da.

ITZULKETAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

16. Artikulua.

Zerbitzuari eusteko izan ditzaketen ondorioak edo gertaera horien ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak alde batera utzi gabe, Udalak zerbitzuaren benetako kostuaren baliokideak diren zenbatekoak itzultzeko eskatu ahal izango du honako kasu hauetan (betiere ordaindutako kuotak kenduta):

a)    Zerbitzua emateko kontuan hartu diren datuak, pertsonalak zein ekonomikoak, ezkutatzea edo faltsutzea.

b)    Zerbitzua eskuratzeko ezarritako betekizunak, zerbitzua arautzen duen Erregelamenduaren 6. artikuluan jasotakoak, gerora galtzea, eta modu iraunkorrean galtzea. Kasu horretan, onuradunak sartzeko baldintzak galduta izan dituen denbora-tarteak baino ez ditu barne hartuko egin beharreko itzulketak..

c)    Zerbitzuaren erabiltzailearen edo haren bizikidetza-gunearen ekonomia- eta ondare-inguruabarrak aldatzea, kontuan hartu gabe arauzko epean jakinarazi diren ala ez. Kasu horretan, itzulketak honako honi eragingo dio: likidatutako kuoten eta benetan legozkiekeen kuoten arteko diferentziari, aldaketa hori gertatu den unetik zenbatzen hasita.

17. Artikulua.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Leioako Udalaren Kudeaketa, Diru Bilketa eta Ikuskaritzari buruzko Ordenantzan xedatutakoa eta Leioako Udalaren Adinekoentzako ostatu-zerbitzua emateko baldintzak eta sarbide-araubidea arautzen dituen Erregelamenduan xedatutakoa beteko da.