Ulerterraza izan dadin, Leioako HAPO berriaren edukia bederatzi gairen inguruan egituratu da.
INGURUNE NATURALA
Ingurune naturala gaiaren helburuak dira: lurzoru naturala eta Leioako biodibertsitatea babestea, ingurumen-arriskuak murriztea eta natura- eta hiri-paisaiak integratzea.
MUGIKORTASUNA
Mugikortasunaren gaiaren barne, aldameneko udalerriekiko lotura zein Leioako barne-mugikortasuna hobetzea landuko da.
Komunikabide jasangarri eta aktiboenak lehenetsi ko dira: oinezkoak eta bizikleta, eta, ondoren, garraio publikoa. Era berean, ibilgailu pribatuen zirkulazio- eta aparkaleku-beharrei erantzun beharko zaie.
ESPAZIO PUBLIKOA
Espazio publikoa hirigintzaren aktibo nagusia da, edozein udalerriko “egongela”. Hiri-parke handiak eta espazio libreak, zein hurbileko parke edota plazak barne hartzen ditu.
ETXEBIZITZA
Etxebizitzaren gaiaren helburua Leioako herritarren etxebizitza-beharrak asetzea da. Etxebizitza-motak ere aztertu nahi ditu: etxebizitza txikiak, alokairukoak, babesekoak, gazteentzako, bizitegi-eredu berriak, etab.
Plan berriak hainbat alternatiba aztertuko ditu bizitegi-garapen berrietarako, bizitegi-kuantifikazio eta kokapen ezberdinekin.
Gai honek Leioako hiri-berroneratzeko eta -berritzeko eremuak ere aztertuko ditu.
JARDUERA EKONOMIKOA
Jarduera ekonomikoa jarduera bat burutu ahal izateko lurzoru eta eraikinak aurreikusteari erreferentzia egiten dio, eta Leioan bertan enplegua sortzearekin lotuta dago.
Merkataritza, industria, zerbitzuak, lehenengo sektorea, etab.
EKIPAMENDUAK
Ekipamenduek herritarrei gizarte-ongizateko zerbitzuak ematen diete eta, nagusiki, hurrengoak dira: hezkuntzakoak (eskolak, ikastetxeak…), osasunekoak (osasun-zentroak), soziokulturalak (liburutegia, kultura-etxea, musika-eskola…), kiroletakoak (polikiroldegiak, kirol-zelaiak…), asistentziazkoak (adinekoen egoitzak) edo haurreskolak, besteak beste.
Planak ekipamenduetarako erabilera eta kokapenak aurreikusiko baditu ere, batzuk udalez gaindiko beste administrazioen menpe daude (hezkuntza eta osasunekoak, Eusko Jaurlaritzaren menpe; edo asistentziazkoak, Aldundiaren menpe).
ONDAREA
Ondareak kultura-ondarea eta ondare artistikoa mantentzea jasotzen du; hala nola, eraikin edo hiri-elementuak, banakakoak edo multzokatuak.
JASANGARRITASUNA ETA KLIMA ALDAKETA
Jasangarritasuna eta klima-aldaketa zeharkako gaia da, kalitatezko udalerria lortzeko asmoa duena, egungo biztanleentzat zein etorkizuneko belaunaldientzat. Horretarako, jasangarritasunari buruzko alderdi orokorrak jasotzen ditu, baita klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzkoak ere.
Arintzea Leioako eta bere herritarren isurpenak murrizten laguntzen duen guztiari (HAPOrekin lotutakoa) dagokio. Bestalde, egokitzea gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak aurreikustean datza, erantzuteko ahalmena handituz eta arrisku klimatikoen aurreko kalteberatasuna murriztuz (esaterako, uholdeak edo itsaso-mailaren igoera).
INKLUSIBITATEA ETA OSASUNA
Inklusibitatea eta osasuna Leioako HAPOn zeharkako gaia da, beharrezko ikuspuntu jakin batzuk prozesuan barneratzea bilatzen duena. Besteak beste, emakumeen ikuspuntua, nagusiena, haurrena, dibertsitate funtzionala duten pertsonen, etab. Azken finean, “beste betaurreko batzuk janztea”, HAPOk planifikatutako etorkizuneko Leioa herritar guztien beharrei erantzun diezaien.
Osasuna zeharkako gaia da, eta pandemiarekin garrantzia hartzen badu ere, hirigintzarekin duen harremana aztertzen ari da aspalditik (izan ere, osasun publikoaren hobekuntza hiri-plangintzaren jatorrian dago). OMEk hiri osasungarriagoak planifikatzearen alde egin zuen 2016an, ingurune fisikoak osasunean eta pertsonen independentzian edo mendekotasunean duen eragina agerian utziz, zahartze aktiboa bultzatzen duten ingurune seguruagoen eta adinekoekin lagunkoiak diren inguruneen alde eginez.
Honako hauek dira, nagusiki, hiri-formatik osasuna lantzeko funtsezko eremuak: mugikortasun aktiborako aukera (batez ere, oinezkoentzat, eta baita bizikletentzat ere), berdegune irekietara eta jolas- eta kirol-jardueretarako lekuetara iristeko aukera (eraikinetako kirol-instalazioak zein espazio irekiak), eta giro osasungaitzak (kutsadura, zarata, airearen kalitatea, etab.).