EAJ-PNV-REN ETA PSE-EE-REN ARTEKO AKORDIOA LEIOA UDALERRIAN GOBERNU BAT ERATZEKO

 

I. SARRERA

EAJ-PNVk eta PSE-EEk pentsatzen dute enplegua sortzeak, ekonomia suspertzeak, zerbitzu publikoei kalitate- eta unibertsaltasun-parametroetan eusteak eta krisiaren erasoak gehien pairatzen ari direnekiko ezinbesteko solidaritateak lehentasuna izan behar dutela euskal erakundeen ekintzan.

Helburu horrekin, 2013ko irailean, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Eusko Jaurlaritzak Euskadi modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa lortzeko hitzarmenean jasotako zenbait ekimen adostu zituzten, eta horiek herrialdeko akordio banatan zehaztu ziren; planon helburuak hauek dira: ekonomia produktiboa bultzatzea eta enplegua sortzea, zerga-iruzurraren aurka borrokatzea, zerga-sistema berri bat sortzea eta gure gizarte-ereduari eta funtsezko zerbitzu publikoei eustea.

Asmo horiexek, duela hilabete batzuk soilik, bi taldeek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko 2015erako aurrekontu orokorrak onesteko sinatutako akordioak zuzendu zituzten, hauek baitira horien xedeak:

  1. Enplegua sustatzea.
  2. Ekonomia-sustapenaren, berrikuntzaren eta gure enpresen internazionalizazioaren aldeko apustua egitea.
  3. Egungo sistemari eutsiz txiroenen gizarte-babesa bermatzea.
  4. Familia babestea eta bateratzen laguntzea.
  5. Prestazioei eustea eta gure zerbitzu publikoak modernizatzea.
  6. Solidaritatea areagotzea.

2013ko erabakiak lan-ildo estrategiko komun batzuen hasiera ekarri zuen, eta horiek, orain, bi alderdien baterako ikuspegirako bidea ematen dute, politika horien garapenari egonkortasuna emateko eta, gauden unea ikusita, udal-eremuan ezartzeko.

Dena den, bi taldeok arazo askori buruzko ikuspegi desberdinak ditugula jakinda eta alderdi bakoitzak dituen postulatu ideologikoei uko egin gabe, bi indarroi dagokigun erantzukizun politikotik abiatuta, nahitaezkoa iruditu zaigu hurbiltzeko ahalegina egitea, beharrezko zeregina dela eta herritar gehienek eskatu dutela jakinda eta, halaber, zailtasunarekin batera beste inguruabar batzuetan posible izan dena saiatzeko aukera bikaina sortzen delako uste osoan.

Parametro haietan oinarrituta eta egungo krisi-egoerak planteatzen digun erronka onarturik, bi taldeek beharrezkotzat jotzen dute edozein ikuspegi alderdikoitatik ihes egitea eta, zerrenda bozkatuenarekiko errespetuaren premisan oinarrituta, bi taldeen arteko udal-gobernu bat eratzeko aukera arakatzea, hala ere, gainerako indar politikoekin hitz egiteko eta elkarri ulertzeko asmo eta nahi argiekin.

Udal-gobernu hau elkarrizketatik eta ulermenetik sortu da, programa batekin gobernatzeko, egungo egoera politiko eta sozialean beharrezkoak iruditzen zaizkigun jarduketa batzuk burutzeko. Beraz, egonkortasun politikorako eta gizarte-aurrerapenerako gobernua da, zeinak, azken garaietan heldutako egoera instituzional, ekonomiko eta sozialetik abiatuta, bere gobernu-lanean gaur herritar gehienek eskatzen dituzten helburuak aintzat harturik aurrera egin nahi duen: ekonomia suspertzea, enplegua sortzea, zerbitzu publikoen alde egitea eta horiei kalitate- eta unibertsaltasun-parametroetan eustea eta krisiaren erasoak gehien pairatzen ari direnekiko ezinbesteko solidaritatea.

II. AKORDIOAREN PROGRAMA-EDUKIA

Akordio hau EAJ-PNVren eta PSE-EEren (PSOEren) artean formalizatzen da eta horien ordezkari baimenduek sinatzen dute. Agiri honek akordioa oinarritzen den funtsezko programa-ildoak biltzen ditu.

Leioako EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOEk), gure talde politikoek Bizkaiko Lurralde Historikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan egindako akordioarekiko koherentziari eutsiz, eta hori garatzeko, gobernu-akordio bat egin dugu Leioako Udalean agintaldi honetarako, ondoko jarduketa-programan eta erantsitako kudeaketa-erantzukizunak gain hartzeko asmoan oinarrituta.

Leioako EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOEk) gure herria pertsonak politika publikoen ardatz nagusitzat hartuta eraikitzeko konpromiso argia daukagu, denek kalitate oneko zerbitzu publikoetarako sarbidea izan dezaten, inor atzean geratu gabe.

Gure ahaleginek herritarrei ahalik eta bizi-kalitate onena ematea dute xede. Horretarako, enplegu-, etxebizitza-, kultura-, hezkuntza-, osasun- eta aisialdi-aukera gehiago eta hobeak sortzen saiatuko gara, Leioa bidezkoago, solidarioago eta euskaldunagoan. Eta hori guztia, erakunde publikoek bultzatuta, ekimen pribatuarekiko akordioaren eta lankidetzaren bila eta zor diogun gizartearen partaidetza aktiboarekin batera.

Ildo horretan, krisi ekonomikoa eta haren ondorioak oso presente dauden une honetan, lehentasunezkoa da Leioan jarduera sortzen eta ekonomia garatzen laguntzen duten jarduketetan arreta berezia jartzea, baita enplegua sortzekoetan ere, batez ere, enplegagarritasunarekiko sentiberen diren gizarte-sektoreetan, hala nola gazteei eta berrogeita bost urte baino gehiagokoei dagokienez; halaber, lan-merkatuan sartu ezin diren pertsonei gizarte-estaldura eman behar zaie.

Leioak ekonomia-jarduerak hartzeko gaitasuna duten lurzoruak dauzka eta udal-gobernuaren asmoa da enpresa-jarduerako parkeak barne har dezaten lan egitea. Era berean, fiskalitateak zeregin garrantzitsua bete dezake toki-enpresa txikien eta ertainen hazkundea sustatzeko udal-politiketan. Udal-gobernuak bere esku dauden fiskalitate-tresnak hobeto erabiltzeko konpromisoa hartzen du, udal-finantzen kaudimenean oinarrituta, enpresa txiki eta ertainen hazkundearen alde egiteko, toki-merkataritzan arreta berezia jarriz.

Behargintzak enplegu egonkorra berreskuratzeko pieza aktiboa izan behar du, ez bakarrik enpresen eta ingurunearen beharrekin zerikusia duten programak ezartzeko prestakuntzako udal-agentzia gisa, baizik eta baita toki-enplegua eta -garapena sustatzeko eragile aktibo gisa ere. Modu berean, Euskal Herriko Unibertsitatea udalerriko erakargarri ekonomiko garrantzitsua da; beraz, funtsezkoa da horko hiri-, ekonomia- eta gizarte-sarean erabat integratzea.

Leioa bizia, hiri-jarduera duena, egoteak toki-merkataritza indartsua daukan udalerria dagoela esan nahi du. Horri dagokionez, merkatari-elkartearekiko lankidetza estuan, Leioako merkataritza dinamizatzeko eta laguntzeko programak antolatu behar ditugu, leioaztarrentzako kalitate oneko kontsumo-espazio bat, herritarren eskari eta behar berriekin bat datorrena, bultzatzeko asmoz.

Turismoa, aspaldi honetan, aberastasuna sortzen duen jarduketa-esparrua bihurtu da gure ingurunean. Leioak bere doikuntza onena aurkitu ahal eta behar du, dauzkagun erreferentziako elementuak, udalerrian errotuta dauden enpresa enblematikoak barne, garrantzitsutzat joz, eskualdeko gainerako udalerriekin koordinatuta, bereziki, Bilboko eta Getxoko zirkuituetan sartuz.

Jakin badakigu ekonomia-jarduera eta enplegua sortzeko ahal den ahalegin guztia egin arren beti daudela lan-merkatutik kanpo geratzen diren pertsonak. Horregatik, bereziki kalteberak diren eta baliabide gutxien dauzkaten pertsonak zaindu nahi ditugu funtsean, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta horien programak sendotuz, herrialdeko beste erakundeekin elkarlanean.

Ildo horretan, gizarte-justiziako kontua iruditzen zaigu pertsona horientzat eragin positibo handiena duten aurrekontuko partiden zuzkidura areagotzea, egoera larrienetarako premiazko ostatu-neurriak barne, baita borondatezko konpromisoaren bidez horien ongizatearen alde lan egiten duten herriko elkarteei laguntzea ere. Aldi berean, krisiak kalte handiena eragin dien pertsonen utzarazpen-kasuetan eta elikagai-beharretan arreta berezia jarriko dugu, hurbileko udalerriekin elkarlanean arituz edo hitzarmenak sinatuz.

Araudi orokorrak baimentzen dituen alderdietan zerga-gehikortasuneko politikak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu, tasak eta zergak ordaintzeko zailtasun bereziak dituzten familiei laguntzeko neurrien alde egiteko. Bestela, hobariak eta salbuespenak ezarriko ditugu egokitzat jotzen diren kasuetan.

Administrazio-kontratazioek ere laguntzen diete bazterketa-arriskuan dauden pertsonei lana lortzen. Horretarako, gobernu-taldetik, obra-, zerbitzu- eta pertsona-kontratazio berrietan gizarte-klausulak barne hartzearen aldeko apustua egingo dugu, gizarteratze-enpresen sarbidea nabarmenki errazteko, bai onarpen-fasean bai balioespen- edo puntuazio-irizpide baten bidez, baita kontratuak egikaritzean derrigorrezko gizarte-baldintzak adieraziz ere.

Leioa udalerri gaztea da eta argi eta garbi hedatzen ari da, hirigintza zentzudun, ordenatu eta jasangarri baten zutoinetan oinarrituta. Gure herriak gehiago hazteko gaitasuna dauka, baina horretarako baldintza onenak ezarri behar ditu. Ildo horretan, Leioak bere udal-plangintza eguneratu, eta hazkunde hori udal-gobernuaren ekintza bultzatuz zehaztu behar du, partaidetzarekin eta ahalik eta adostasun handienarekin.

Etxebizitza-politika irisgarri bati ekiten ahalegintzeko konpromisoa hartzen dugu. Etxebizitza babestu berriak sartzeak eta gizarte-alokairuko etxebizitza-parkea handitzeak gobernu-ekintzaren funtsezko ardatza izaten jarraitu behar dute.

Ildo horretan, orobat garrantzitsua da konpromisoa bultzatzen jarraitzea eta udalbatza Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eragile dinamizatzaile gisa aktiboki parte hartzea, Leioan dauden 800 etxebizitza hutsetatik asko alokatzeko ateratze aldera.

Udalerriak hedapen-arloak eta hiri-zona finkatuak ditu ezaugarri. Ildo horretan, funtsezkoa da erdialdean eta auzoetan hiri-birgaitzeko politika zuzena edukitzea, hiriaren garapenean erritmo berean aurrera egin dezaten.

Horrela, Lamiako-Txopoetako BEBPB bultzatzeko jarduketak ezinbestekoak dira, baita duela gutxi auzoko enpresek okupatzen zituzten lurzoruak garatzea ere. Ildo horretan, hala badagokio, lursailak behin-behineko jarduketak, adibidez, disuasio-aparkaleku bat edo kirol-erabileretarako zona bat, sortzeko aprobetxa daitezke. Bestalde, Langileria kalearen erdia oinezkoentzat egiteko aukera aztertuko da; horretarako, hala badagokio, trafikoa auzotik aterako da.

Pinuetarako hiri-jarduketako plan bat onartu behar da, Getxorekin mugakidea den Leioako zona horretako arazoak eta irtenbideak oro har eta zehazki aztertzen dituena, Iberdrolaren azpiestazioa egotearen ondorioz dauden arazoetan arreta jarriz eta auzoa egungo trafikotik libratzen duten aparkaleku-espazio edo -eredu berriak sortzeko aukera kontuan hartuta.

Txorierrik Lamiakorekiko konexio mekanikoa instalatzea barne hartzen duen hiri-erreforma gauzatu behar du, baita itsasadarrera begira egongo den pasealeku-begiratokia ere. Era berean, Ondiz auzoarekiko bide-konexioa hobetu behar da. Hor, herrigune historikoaren erdia oinezkoentzat egiteko ahaleginak egingo dira. Horretarako, auzoa inguratzen duen bide bat sortuko da, indarrean dagoen HAPOn aurreikusitako hiri-jarduketaren esparruan.

Gure ustez, Artatzaganak eta Basaezek ere elkarrekiko eta zentroarekiko hiri-konexioak hobetu ahal dituzte, eremu horretan aurreikusita dauden eta bultzatu nahi ditugun hiri-garapeneko jarduketez baliatuz. Eta, batez ere, beharrezkoa iruditzen zaigu irisgarritasuna konexio mekanikoak ezarriz hobetzea.

Hiri-hobekuntzako plan bat prestatuko dugu, Leioako gune zaharrenetan eta, bereziki, Ikean, San Joanen, Iturribiden, Kandelazubietan eta Artatzaganan irisgarritasunaren, mugikortasunaren eta arkitektura-oztopoak kentzearen arloan irtenbideak emateko helburuarekin jarduketak antolatze aldera.

Erdialdean, herritarren topaketarako eta bizitzarako espazio bat sortu nahi dugu, Sabino Arana oinezkoentzat eginez, baita Independentzia eta San Jose guneak ere, hori ahalbidetzen duen udal-plangintzako irtenbide baten bitartez.

Aldi berean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean aritzeko asmo irmoa lotzen dugu, Avanzadako errepidea erdialdetik igarotzen den lekuan integratzeko irtenbide bat eman ahal izateko, egungo egoera gainditzeko helburuarekin.

Leioa eredua da herritarren erabilera eta gozamenerako berdeguneetan. Eta espazio horiek indartu nahi ditugu, udal-ondarean Arriena parkea eta Lertutza urtegia sartuz aisiarako gune gisa. Halaber, herriko parkeak eta auzoak lotzen dituzten oinezkoentzako ibilbideak edo espazioak sortu nahi ditugu, eraztun berde moduan, eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetza bultzatuko dugu. Txikienek ere egon behar dute udal-politiketan. Beraz, aurrekoaz gain, jolas-eremuak areagotuko dira eta haurrak jolasteko espazioak estali egingo dira eguraldi txarraren eraginpean dauden aldeetan.

Antzera, itsasadarreko ardatza sustatzeko eta herritarrek erabili eta gozatzeko espazio gisa eskuratzeko urratsak eman nahi ditugu. Bestalde, udal-geografia lotzen duen bizikletetarako ardatz bat osatu nahi dugu.

Konektatutako Leioa garraio publiko ona duen Leioa da. Ildo horretan, ahalegin guztiak bilduko ditugu Eusko Jaurlaritzak tranbia gauzatu dezan eta, horrekin batera, sinergiez baliatuko gara autobus bidezko garraio kolektiboaren eskaintza berrantolatzeko, ahalik eta gune gehienetara heltzeko asmoz.

Leioak Sakoneta ordezten duen kiroldegi berri bat behar du, eta gobernu-taldearen ezinbesteko ardura izan behar du Pinosolon proiektu bat gauzatzeak. Gainera, Leioandin kirol- eta osasun-parkea prestatuko dugu eta auzoko bi pilotaleku berriz hornituko gara: bata San Bartolome parkean egongo da, eta bestea, Arriena parkean, Errekalde errotaren atzean. Txorierrin kirol anitzeko kantxa bat ezarriko dugu. "Leioa" markaren sorkuntza kirol-taldeen kirol-jantzietan bultzatzen saiatuko gara, gure kirolariek udalerriaz gaindiko txapelketetan dituzten emaitza onak proiektatu ahal izan ditzaten.

Kultura Arloan, gobernu-talde berriaren konpromisoa da Gaztelubide eremuaren alboan dauden aukera-lurzoruetan Lamiakorentzako, Txopoetarentzako, Pinuetarentzako eta Ibaiondorentzako Kulturgune berri bat zabaltzea, elkarte-sarearentzat irekita dagoen zentro kultural eta soziala hartzen duena. Kontserbatorioari eta udal musika-eskolari erabakitasunez laguntzean jarriko dugu arreta nagusia, gazteak hezten eta kalitate oneko musika-kulturaz hornitzen jarraitzeko, arte horrekiko interesa sustatuz eta horretarako sarbidea bultzatuz, haien baliabide ekonomikoak gorabehera. Hori guztia, KulturLeioan lehen mailako kultura-eskaintzari eusteaz ahaztu gabe: horretarako, auzoetako Kulturguneentzako aukera berriak zabalduko ditugu, antzerkia eta gainerako kultura-antzezpenak gure herriko kaleetara eta plazetara eramanez, bereziki Umore Azokaren eskaintzaz baliatuz.

Ildo horretan, Leioako historia- eta arte-ondarea bultzatu nahi dugu. Bai immateriala, bai materiala. Leioagoitia baserria birgaitu nahi dugu, gero erabilera soziala izan dezan, oraingo Errekaldeko errota, Kortesenabarri eta Ondizdorrearekin batera.

Leioak adiskidetze-eredua izan behar du: egia, justizia eta konponketa. Arlo horretan jarduketak bultzatuko ditugu, terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko eta memoria historikorako eragileekin elkarlanean arituz, besteak beste, Memoriaren Parkearen bidez.

Udaltzaingoa biztanleria-gehikuntzara eta behar berrietara egokitzen jarraituko dugu. Ertzaintzarekin koordinatuko gara eta babes zibileko boluntariotza sustatuko dugu, gizarte-partaidetzako eredu berri baten bitartez.

Leioa hezkuntzaren herria da. Kalitate oneko hezkuntza-sare baten aldeko apustua egiten dugu, alderdi lokalenetik globalenera, euskaraz (batuaz zien bizkaieraz), gaztelaniaz eta ingelesez. Balioetan, adimen emozionalean eta herritarren partaidetza arduratsuan oinarritutako hezkuntza sustatuko da. Azken hori udalerriko garapenaren protagonista izango da, Partaidetza Eskola sortuta. Leioa ikaskuntza-gune eta txikienen herri gisa.

Gure nortasunarekiko konpromisoa duen eta mundura zabalik dagoen Leioa harro baten alde lan egingo dugu. Alderdi globalera lokaletik iritsiko gara, gizarte eleaniztuna sortuz. Ez gara modu jasangarrian hazteaz ahaztuko eta ingurumenarekiko konpromiso irmoa edukiko dugu.

Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko ditugu Lamiakon ikastetxe publiko berri bat eraikitzeko beharrezkoak diren lurzoruak eta harekin elkarlanean jarraituko dugu Barandiaran institutuen behin betiko batasuna bultzatzeko asmoz. Haurreskolen politika erabakigarritasunez babestuko dugu. Era berean, Eusko Jaurlaritzari orube bat lagatzeko formulak bilatuko ditugu, udalerrian osasun-zentro berri bat kokatu behar balitz.

Ez arkitektura- ez komunikazio-oztoporik ez duten udal eta udal-lokalen aldeko apustua egingo dugu.

Gobernu-taldeak aukera-berdintasuna Leioako agenda politikoaren lehen mailan ipintzeko konpromisoa hartzen du; horretarako, modu transbertsalean landuko ditu, bai Berdintasun Planarekin, bai indarrean dagoen araudiarekin, Berdintasun Mahaia eta emakume-elkarteekiko lankidetza. Halaber, kementsua izango da genero-indarkeria erauztearen aldeko lanean.

Herritarrek parte hartzeko moduak garatuko ditugu, Leioako auzotarrak gehiago inplikatzeko, horien eta horien ordezkari politikoen arteko elkarreragina hobeto ahalbidetzeko asmoz.

Kargu publikoaren figuraren garrantzia gizartearen zerbitzari gisa azpimarratuz eta haren lanaren duintasuna nabarmenduz gobernatzeko modu baten alde agertzen gara. Talde politikoei eta herritarrei aribideko espedienteen eta udalak bultzatutako jarduera eta proiektuen gaineko ahalik eta informazio osoena emateko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, gobernu-taldea eredugarria izango da gardentasunari buruzko legezko arauak betetzen, zerbitzari publiko guztiek gobernu egokiko kode bat gain hartuko baitute.